KARLOS SANTAMARIA AZTERKETAK
KARLOS SANTAMARIAREN LANAK

Karlos Santamaria eta (euskal) kultura

Joan Mari Torrealdai

PRENTSA 

Prentsari buruz Karlos Santamariak ez du asko idatzi. Idatzi duena, oker ez banago, ia osoki euskal prentsa dela eta egin du. 

Prentsan Karlos Santamariak asko idatzi du, mila bat idazlan plazaratu ditu han-hemengo halako eta holako komunikabideetan. Idazle profesional ez den batentzat asko da. Erdaraz idatzi du gehiena, baina mordoska bat du euskaraz. 

Euskal komunikabideetan idatzi bai, baina ez hori bakarrik: bere jakituria, bere "izen ona" erabili du horiek sortzeko eta indartzeko, batez ere Zeruko Argia-n eta Jakin-en; eta azken orduan, Euskaldunon Egunkaria-n. Eszeptiko, "fedegabe" eta ezkor guztiei parean fedea jarri die Karlos Santamariak. Fedea eta obrak" "Fede gutxiko gizon aiek amaika eragozpen ikusi arazten ziguten", dio berak 1966an Zeruko Argia-ren 200. zenbakia ateratzean. Euskarazko komunikabideetan Karlos Santamaria ez da idazle soila, partaide ere bada. 

Erdal prentsa eta aldizkariak 
Karlos Santamariak prentsan idatzi duenaren (ia) %90 erdaraz idatzi du, gaztelaniaz eta frantsesez. Liburu eta saioetan are handiagoa da erdal produkzioaren gehiengoa. 

Prentsan sistematikoki kolaboratzen La Voz de Espaņa Donostiako kazetan hasi zen, 1945 aldera. 7 urtetan 30 bat artikulu idatzi ondoren, Ya egunkarian hasten da 1953 aldetik 1958 aldera bitartean 30 artikulutik gora idatziz. Eta asteroko idazle bezala El Diario Vasco egunkarian finkatzen da "Aspectos" sailarekin: 550 lankidetza eta gehiago ditu hemen, 1956-1968 bitartean %70 eta 1980tik (Eusko Kontseilu Nagusia utzi ondoren) 1983ra bitartean %30. Geroztik, 1985etik aurrera, "Puntos de vista" sailean ere makina bat artikulu idatzi ditu. Ez da dudarik: "Aspectos" sailak markatzen du Karlos Santamariaren estiloa: maisukiro menderatzen du artikulu-mota hori, labur, bizi, iradokizunez betea, kritikak esan baina adierazi, tentuz, neurriz, erabilera fina, kritika estalia, aisago eginez. 

Aipaturiko organuetan ez da agortzen, hala ere, Karlos Santamariaren artikulugintza. Frantziako eta Espainiako komunikabide gehiagotan ere bere lanak argitara eman ditu, hala nola, El Ciervo-n, La Croix-en, Semaine des Intellectuels  Catholiques, Criterio, Documentos, Pax Christi eta beste 50 bat aldizkaritan, denetara. Lan-barreiaketak badu esplikazio bat, erraza: Donostiako Solasaldiak tarteko eta Pax Christi-ko idazkari internazionala izanik, organu desberdinek bere lankidetza eskatu ohi zuten. Internazionalki ez zen nornahi Karlos Santamaria, bistan da.

 
KARLOS SANTAMARIA KULTURA ATZERA AURRERA