KARLOS SANTAMARIA AZTERKETAK
 
 KARLOS SANTAMARIAREN LANAK
 

Bakea eta gerra. Etikaren eta teknikaren artean

Paulo Agirrebaltzategi

Bakea eta justizia. Zer da Bakea... Bakearen baldintzak

II. kapituluan aipatua dugu World Justice aldizkarian, "In Search of a Concept of Peace" titulupean 1960an argitaratu zuen artikulu mardula. Artikulu bera argitaratu zuen frantsesez ere Justice dans le monde aldizkarian. Bertan aurki dezakegu Karlos Santamariaren pentsaera aski sistematikoa, bakea ulertzeko moduari buruzkoa, kristau-etikatik begiratuta batez ere; baina beste artikulu askotan ere saiatu da bakearekiko bere ikuskera argitzen. 

Kapitulu berean aipatu dugunez, Karlos Santamariak behin baino gehiagotan salatzen du politika-alorreko hainbat hitzen manipulazioa —gerrarena eta bakearen, besteren artean—, eta horien erabilera ideologikoa. Bakea hitzarekin bereziki gertatzen da hori, autorearen ustez81. 

Hasteko, gerra eta bakea kontzeptu korrelatiboak eta antitetikoak baldin badira ere, bakea ez dago definitzerik gerrarik eza hutsarekin, askok pentsatzen dutenaren kontra, eta hiztegietan ere agertu ohi denaren kontra.  Dena dela, okerra izanik ere, kontutan hartzeko da datu hori. 

Bakearen adiera eskasak edo okerrak 
Bakearen adiera osoa, bereziki San Agustinengandikoa, azaldu aurretik, bestelako adierak baztertuz doa Karlos Santamaria, beraren ustez eskas gelditzen direlako edota okerrak direlako. 
Horietako lau aipatzen ditu bereziki: 1. Adiera juridizista; 2. Adiera pelagianoa; 3. Adiera marxista; 4. Adiera filantropikoa. 

Adiera juridizista 
Goian gerraren kontzeptu juridikoa aipatu dugu; kontraposizioz bakearen kontzeptu juridikoa dago. Nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik, bake-egoera gerrarik eza da juxtu, eta gerra-egoera, berriz, bake-egoera hautsi denekoa. Bi egoera antitetikoak dira: batak bestea baztertzen du, kontzeptuen mailan. 

Beraren ustez, badago faltsukeriarik hor: legislazioaren bidez gerra nolabait errazionaldu egin nahi da, ordenaren itxura emanez; eta bakea dagoela adierazi nahian, benetan gerra-egoera dagoenean. Horixe nabarmentzera etorri da, adibidez, 'gerra hotzaren' kontzeptua: hau da, juridikoki mugaturiko gerra kontzeptuaren balio eskasa agertzera. 

Bakearen adiera juridizista benetako gerraren egoera estaltzeko modua izan daiteke. 

Adiera pelagianoa 
Gure autoreak kritikatu egiten du bakearen beste adiera bat, batez ere XVIII. mendean filosofoen artean zabaldu omen zena, eta 'betirako bakea' izendatu zutena. Kant-ek zabaldu bereziki horrelako ideala. 

Gure autoreak pelagianoa deitzen du horrelako adiera, optimismo errazionalistan oinarrituta dagoelako. Karlos Santamaria jabetuta dago, eta sarritan nabarmentzen du, gizon-emakumeengan biolentziak duen indarra; hori ahaztu egiten duela dirudi 'betirako bakearen' amets errazionalistak. 
Gure autoreak ez luke berak ere guztiz baztertu nahi horrelako ametsa. Beraren ustez, etorkizun urrunekoan, gizadiaren bestelako egoera batean gerta daitekeela pentsa daiteke. 

Dena dela, motza iruditzen zaio bake-kontzeptu hori, besteren arteam estatuen arteko baketzat bakarrik ulertzen delako, munduan barneko justizia soziala kontutan harten ez duena, adibidez. 

Adiera marxista 
Amets burgestzat kritikatzen du, hain zuzen, marxismoak errazionalismoaren bakearen kontzeptua. Bestelakoa da materialismo dialektikoaren bakearen adiera. Horrent ustez, betirako bakea ez da etorriko, gizon-emakumeen organizazioa errazonaltzetik, kapitalismoak sortzen dituen alienazioak kentzetik baizik. Horregatik, kapitalismoaren 'alienazioa' bera desagertu arte ez da bakerik izango. 
Bakea lortuko bada, justizia soziala ezarri behar da, eta horretarako tresna gerra erreboluzionarioa izango da: bakearen tresna da gerra, beraz. Marxismoaren bakearen kontzeptua ezin daiteke bereiz beraren klaserik gabeko gizartearen eta horrren barruan sortuko litzatekeen armonia osoaren kontzeptutik. 

Gorago behin baino gehiagotan agertu da Karlos Santamariaren kritika, marxismoak bakeari eta gerrari —biolentziari— buruz duen irakatsiari buruzkoa. 

Adiera filantropikoa 
Gure autorearen iritziz, bada bakearen beste adiera bat, 'filantropikoa' deintzen duena,  edonolako gerra irrazionaltzat eta inhumanotzat hartzen duena; maitasuna, tolerantzia, errespetua eta elkar ulertzea predikatzen ditu horrek bereziki, gizarte baketsua eraikitzeko. 

Karlos Santamariaren ustez, horiek beharrezkoak dira noski, bakearen kontzeptu positiboa lantzeko82; baina eskasa iruditzen zaio horietan bakarrik oinarrituriko bakea, justiziaren alderdia falta zaiolako83. 
Bakearen kristau-kontzeptua 

Karlos Santamariaren ustez, pazifismo filantropiko soilak ezin du San Agustinen 'ordena' eta 'justizia' kontzeptuen berririk eman. Metafisikara edo erlijiora jo beharra dago horretarako. Berak kristautasunaren ikuspegitik egiten du. Bibliaren mezuaren muin-muinekoa iruditzen zaio bakearen ideia. Eta bakearen aldeko ekintza eta ebanjelizazioa gauza bera dira funtsean84. 

Baina, Karlos Santamariaren iritziz, bake tenporalari dagokionez, Kristautasunak ez du bere kontzeptu espezifikorik, gorago adierazi dugunez85. Hala ere, bake tenporal hori kristauarentzat transfiguratua gertatzen da graziaren eta bertute teologalen bidez, eta Jainkoaren bake-erreinu betierekoaren prefigurazio gisa. 

Gure autorearen ustez, nazioarteko bakea nazioen arteko berdintasunean oinarritzen da, XVI. mendean, Vitoria eta Suarez teologoek formulatu zutenez. Beraientzat, berriz, berdintasun hori gizakien arteko anaitasunean oinarrituta zegoen. 

Kristautasunaren bake adierak hiru maila bereizten ditu: teologikoa, politikoa eta soziologikoa. 

Bake teologikoa 
Santamariak bakearen teologia egiten digu. Teologiaren aldetik, bakea Jainkoa bera da, gizon-emakumeei Kristogan agertua. Berau da benetako bakearen oinarria, Karlos Santamariak dionez. Dena dela, kontzeptu teologiko hori aztertu beharra dago, berorrek historian dituen inplikazioen aldetik. Bestela faltsutu egingo litzateke bakearen ikuspegi kristaua. 

Kristo da, bada, Bakearen printzea: bakearen oinarria eta mezularia. Beraren bakezko mezuak ez du mugarik: unibertsala da, guztientzakoa. Baina Jaikoaren bakea lurrean ari da, aurrenik norberaren barrenean. Norbanakoen barneko baketzean oinarritzen da klaseen eta nazioen arteko bakea. Barneko bakea, justiziak eta maitasunak egina. Bekatua da, hain zuzen ere, barne-bake hori kentzen duena; horixe kenduz, berritu du Kristok bakea. 

Honela amaitzen du puntu hau: "Christian theology therefore has a very clear idea of what it means when it speaks of peace: it is not at all the absence of war. Nor is it likewise tranquility in any appearance of order; but it is tranquility and concord in the order of universal reconciliation established by Christ". ("In Search of a concept of Peace", World Justice, 1952, 14) 
Bake teologikoaren betetasuna traszendentea da eta munduaz harantza beteko da. 

Bake politikoa eta soziala 
Beste munduan izango dugun bake absolutuaz hitz egitean, ordea, ezin dugu ahaztu mundu honetan eraiki beharreko bake erlatiboa eta partziala, gure autorearen ustez. 

Bakearen adiera teologikoa maila politikoarekin lotu baherra dago, hura ihesbide huts gertatuko ez bada. —Honetaz hurrengo kapituluan ihardugo dugu bereziki—. 

Bakearen adiera traszendente-teologikoaren eta adiera historiko-politikoaren arteko erlazioa ulertzeko, zera eternalaren eta zera tenporalaren arteko harremana ulertzeko modua dago funtsean.Berak baztertu egiten du Karl Barth-en jarrera, mundua bekatuaren erreinutzat hartzen duena, eta horko bakearen aldeko ekintza berez porroterako ikusten duena. Teologo horren iritziz, bake politikoa Jainkoaren bakearen transposizio bidez lortuko da. Bake politikoak Kristogan eta Elizan aurkitu behar du bere eredua, teologoaren ustez. Azken batez, bakearen aldeko ekintza politikoa negatibotasunez kargatua agertzen zaigu Barth-engan. 

Karlos Santamariaren ustez, askozaz positiboagoa da Jacques Maritain-en jarrera. Honen ustez, bakearen kontzeptu jatorra ez da kristaua —kristologikoa— bakarrik., giza drama berorren sakontasunean kristautasunak bakarrik ezagutzen badu ere. Gizadiko indar moral eta erlijiozko denek parte hartu behar dute parte bakearen eraikuntzan. Benetako bakea izango da hori, Kristoren bakearen aurreratzaile gisa. Kristauek, beraz, eginkizun berezi-berezia daukate bake politikoa eraikitzen. 

Bakearen dimentsioak 
Bost baldintza ipintzen ditu Karlos Santamariak, bakearen adiera baliozkoak bete behar dituenak: 
1. Konkordia (bihozkidetasuna) 
2. Askatasuna 
3. Ordena 
4. Baretasuna 
5. Historikotasuna 

Bihozkidetasuna 
Berak erabiltzen duen  'concordia' hitza, San Agustinengandik hartua, itzuli dugu horrela. Horren adiera gorago azalduta geratu da. 

Karlos Santamariak behin baino gehiagotan idazten du maitasuna, anaitasuna eta horrelako kontzeptuek duten karga sentimentalaz, eta sarritan horrek eransten dien deskredito sozialaz. Horregatik proposatzen du, hain garrantzizko izanik "konkordia" hori , horren kontzeptu zientifikoa eta egiaztagarria lantzea: bihozkidetasunaren kontzeptu soziologikoa, nolabait neurgarria izango dena. Hau da, gizartean gertatzen diren tentsioen edo elkar ulertzeko joeren neurketa zientifikoa egitea, horren 'kantitatea bilatuz'. 

Hipotesitzat ematen duen neurketa koantitatibo horrek bere parametroak eta metodo soziologikoak bilatu behar ditu86. 

Askatasuna 
Bihozkidetasunak askatasuna berarekin darama, Santamariaren ustez. Indarrez, menperakuntzaz lorturiko batasuna guztiz artifiziala da eta ezin dei daiteke konkordia edo bihozkidetasuna. 

Irizkidetasuna lortzeko biolentzi psikologikoa erabiltzen da, horretarako dauden pertsuasio-teknikak, propaganda politikoak, iritzi publikoa gidatzeko moduak, etab. Horrelako metodoekin lorturiko bakea ez da inola ere benetako bakea. "Thus in the modern mind, peace and freedom are two ideas on a par with each other. Without political and social liberty, and without economic freedom, one cannot speak of peace either for man or for society". ("In Search of a concept of Peace", World Justice, 1952, 20) 
Era berean, kultur integrazioaren, asimilazio psikologikoaren edo genozidioaren bidez lortzen den bakea salatzekoa eta gaitzestekoa da. 

Ordena 
Justiziatzat hartzen Karlos Santamariak San Agustinen definizioko ordena. Jabetuta dago, ordena osorik eta behinbetirakorik, eta justizia osorik eta erabatekorik ez dagoela mundu honetan. Baina munduan zehar jende gehienek onarturiko neurri batezko justiziaren adiera izan daiteke oinarria bakea eraikitzeko87. 

Justizia internazinalaren alde egindako urratsak, bakearen alde egindakoak izango dira. 

Lasaitasuna edo baretasuna 
Badirudi S.Agustinen 'tranquilitas in ordine' definizioak ordena estatikoa adierazten duela, oreka iraunkorra. Hala ere, ulerkera horrek ez dirudi egokia gaurko ikuspegi eboluzionistarako, autorearen ustez. "This idea of peace responds doubtless to a sublimated concept of 'tranquility'. But, for temporal peace should prefer a more dynamic notion. Peace would consist in a state of orderly activity, conformable with nature, and realised in mutual harmony, for a just and charitable end". ("La obediencia de los católicos", Documentos-16, 1954) 

Gure autoreak dinamikoagotzat ulertzen du bakea: Bakea bilaketa da, bake-baldintza hobeak bilatzea; horiek ez lortzean bakeak huts egitea du88. 

Historikotasuna 
Bakearen kontzeptu transzendental eta teologikotik hasita, berehala jaitsi da Santamaria bake historikora. Ondasun eskuragarri eta konkretutzat ulertzen du berak bakea89. 

Horretarako bakearen bidean eskuragarriak ditugun helburuak finkatu behar dira. Artikulua idazten zuen hartan honako helburuak iradokitzen zituen berak mundu mailako bakeari begira: 'deskolonizazioa', populazioen presioak sorten dituen buruhausteak konpontzea, energia berrien hustiaketa, armamentuetarako esleituriko aurrekontuak bestelako helburu baliagarrietarako erabiltzea, etab. 

Beraren iritziz, erraza da bakeaz maila abstraktuan, transzendetalean eta utopikoan hitz egitea.Horren aldeko ekintza historiko konkretuan agertzen dira bakearen adiera egokitzeko zailtasunak90.

 
KARLOS SANTAMARIA KULTURA ATZERA AURRERA