KARLOS SANTAMARIA AZTERKETAK
KARLOS SANTAMARIAREN LANAK

Nazioartetik Donostiara

Conversaciones Católicas Internacionales de San Sebastián

(1935. 1947-[1958]-1959) 

Joseba Intxausti

Talde intelektual lehiakideak 
Intelektualei erbestea edo "pentsamendu-autarkia kontrolatua" inposatzen zitzaien aldi berean, ikasle gazteei ere ez zitzaien atzerrira joateko aukerarik uzten: "estudiar en el extranjero, durante todo el decenio 1940-50 fue algo casi totalmente impracticable" (Tamames 1975: 580). 

Gerraondo bereko lehen urteetako (1940-45) "katolizismoaren kolonizazio politikoa" gainditu ondoren (ik. Rz. de Coro 1979: passim), errejimen aurpegi-garbituaren kulturgintza onartuaren gidaritza sozio-kulturala eliz indarrei utzi zitzaien gero eta gehiago (politiko-ideologikoki jatorrietatik urrunduz zihoan garai bateko falangismo liberalari tolerantzia aldartetsuren bat ere utziz: Lain, Tovar, Ridruejo, etab.). 1945etik aurrera Propagandistek eta Opusdeitarrek izango dute Unibertsitateaz jabetzeko aukera (Equipo Reseña 1977: 148-149 

Jauntasun eliztarra, ordea, barneko hainbat pentsalarirentzat —katoliko batzuentzat ere— itogarria eta pobrea zen, eta katolikotasun mundutar osoaren barnean halako "autarkia ideologikoa" herstura pobregarri bezala sentitzen zuenik bazen. Are gehiago Frantzia hurbilean —"laikotasun errepublikarrak" erdibitutako gizartean— katoliko eta ez-katolikoen arteko elkarlana gerratearekin hain emankorra gerta zitekeela ikusi ondoren (Doc. 4: 27-62). 

Bestalde, Penintsulako isolamenduaren tristeziak ere egin zuen izpiritu aitzinazaleagoetan bere lana; errejimenak berak ere, neurriren batean bederen, sentitu zuen leihoak ireki premia, irauteko babesen bila, normalean. Hemengo eliz barnetik begiratuta, berriz, pentsamendu katolikoaren zenbait buru kezkatuagok premiazkoa ikusten zuen, aitzinamendu berriak egin ahal izateko harremanak bizkortu beharra. Hala ere, izpirituz eta pentsamoldez Europaraino osoki iristeko, urteak beharko ziren, artean. 
Mugen gainetik indarrak biltzeko Solasaldien betiko asmoak, zalantzarik gabe, pentsamendu katolikoaren eta teologiaren modernotze-arazoa zuen gogotan, eta zeregin honetan bide-erakusle izan ziren Penintsulan Donostiako topaketak. 

Teologiaren berrikuntza noizko? 
Penintsulako teologia eta kultura kristauaren Europarekiko harremanak lau epetan banatu ditu O. Gz. de Cardedal-ek frankismoaren hamarkada haietarako (Vorgrimler 1973: XIV-XV): 1) Gerraosteko lehen hamarkadan, teologoen lana Espainiako XV-XVII. mendeetara begiratuz egin zen (identitatea indartzeko ereduak bilatuz). 2) 1950.etik aurrera Europako argibideak bilatu ziren (ikerlan bibliko, liturgiko eta pastoralak ezagutzeko). 3) Kontzilio-bezperatan (1958-62) Europan ikusitakoen egokitzapen-lana egin zen. 4) Kontzilioaren ondoren (1965), azkenik, eskurapen analitiko-kritikoari ekin zitzaion. 

Donostiako Solasaldiek, nabariki, aurrea hartu zioten deskribaturiko gertabide horri. Alde batetik, kronologikoki, baina baita erakarri zituzten solas-lagun eta ideiatan ere. Solasaldien azken urteetaraino halaxe izan zela uste dut, gainera. Eta, praktikan, beharbada aurreratuegiak ere izan ziren, zeren Eliza unibertsalean Kontzilioaren lehen orduetan argitara etorri zen gatazka ernalgarriak, hemen —Donostian— 1958-59etako krisialdian ez zuen aurkitu ahal izan aurrera-irtenbiderik. Bere "irekitasun"-mugak jo zituen, nonbait. 

Oro har, Penintsulako katolikoen 50.etako harreman europarren esanahi historikoa apenas beste inon baino zinezkoagoa da Donostiako topaketa haietan. Urte haietaz orokorrean esandakoak berezikiago balio du honako: "Por primera vez desde los días de Carlos I y Felipe II vuelve a ser posible la plena comunicación intelectual del pensamiento y de la teología española con Europa".(ik. Vorgrimler 1973: XIX-XV). Euskal Hegoaldeko teologoak testuinguru horretan zeudenez, etxeko gure pentsalarientzat ere balio du ohar horrek (gogoratuko ditugu gure teologoen izenenak). 

Pentsamenduaren mailako isolamendu hau, antolamenduzko harremanetan ere gorpuztuta zegoen. Karlos Santamaria, ACNPko Nazioarteko Harremanetarako Batzordearen lehendakaria zenez (1953?), kezkatuta zegoen egoeraz, eta 1953ko txosten batean (itxura guztiz, ACNPko arduradunei zuzendua) gogoratzen du nazioarteko ahulezia hori, Solasaldiek ireki ditzaketen ateak azpimarratzen dituen aldi berean: 
Hay que tener en cuenta que mientras alemanes, belgas, italianos y franceses ejercen una gran influencia en el Movimiento católico internacional, orientando y, por decirlo así "controlando" la mayor parte, si no todas, las organizaciones, los católicos españoles, lejos de ocupar el rango preponderante que normalmente les correpondería sólo desempeñan en ese dominio puestos secundarios limitándose a prestar una colaboración de buena voluntad. — Así, repasando la lista de presidentes de las 21 grandes ornanizaciones internacionales católicas que constituyen la llamada Conferencia de Presidentes, se experimenta el dolor de no encontrar en ella ni un solo nombre español. A nadie debe culparse de esto antes que a nosotros mismos que habíamos abandonado desde hace mucho tiempo tan importante dominio de la actividad católica. (...). — Puede asegurarse que las Conversaciones Católicas Internacionales han sido la única organización importante que los católicos españoles han lanzado al dominio internacional en estos últimos años. (K. Santamaria: Artxiboa, "Informes Generales" karp.). 

Solasaldien historia egiteke dugulako ere, ez dira historiografian apenas aipatzen topaketa donostiar haiek, baina, uste dugunez, badaude elkarrizketa haiek nazioarteko informazio-zeregina nola bete zuten (eta zein balioz), erakutsiko luketen hiru iturri on: 1) Hurbildu ziren intelektualen eskutizketa (Solasaldien artxiboan), 2) Documentos-en argitara emandako aztergai sozio-teologikoen zerrenda, eta 3) Bizirik ditugun solaskide-ohien oroitzapenak. 

Lehenengo biak bederen eskuetan ditugu, eta hemengo orrialde mugatuen barruan bada ere, saiatuko gara lehen argibideak bildu eta Solasaldien ekarpen historikoa deskribatu eta neurtzen. 

 
KARLOS SANTAMARIA KULTURA ATZERA AURRERA